COMGI

Elkargoak haurren txertatzea babesten du eta gurasoak animatzen ditu osasun gomendioak jarraitzera

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak (COMGI) lasaitasun eta konfiantza mezua helarazi nahi dio gizarteari, bereziki, guraso direnei, haurren txertatzea hastear dagoenean. Elkargotik, osasun gomendioak jarraitzeko beharra azpimarratu nahi dute, haurren artean gertatzen ari diren kutsatzeak denon artean eten ditzagun.

Elkargoak argi utzi nahi du “konfiantza osoa duela txertoen segurtasunean eta atzetik dituzten entsegu eta ikerketa zientifikoetan” eta azpimarratu nahi du “txertoen eraginkortasuna frogatuta gelditu dela, helduen artean heriotza ugari ekidin eta kutsatze-tasak nabarmen egin baitu behera”.

Une hauetan txertorik jaso ez duten haurrengan dago intzidentzia altuena, beraz, “oso garrantzitsua da gomendio zientifikoak entzutea eta ahalik eta haur gehienek txertoa jasotzea, horri esker larriak izan daitezkeen kutsatzeak saihestuko baitira, baina ez hori bakarrik: birusaren transmisioa eta egoera larritu dezaketen mutazio posibleak ahal den neurrian saihestu beharrean gaude”, azaltzen dute Elkargotik.

Azkenik, nahiz eta haurrek gaixotasunari hobeto aurre egin, Osasun Ministerioaren datuak argiak dira: uztailera arte, 2.497 haur ingresaturik egon ziren Estatuko ospitaleetan; 192 haur ZIUetatik igaro ziren eta 19 haur hil ziren COVID-19 dela eta. Hortaz, “neurriak hartzen jarraitu behar dugu”, diote Elkargoko ordezkariek.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz