COMGI

Profesionalei eta pazienteei errezeta pribatuaren erabilera egokiaz kontzientziatzeko kanpaina berria

29/11/2023

Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak bultzatuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Gipuzkoako Sendagileen eta Dentisten Elkargo profesionalen laguntzarekin, kanpainaren helburua da indarrean dagoen araudiarekin bat ez datozen errezeta mediko pribatuen preskripzioa zuzentzea, faltsututako errezetak dituzten sendagaien banaketa prebenitzea eta preskripzio/banaketa zirkuitu egokia bermatzea, "pazientearen segurtasuna bermatzen laguntzeko".

Kanpainaren baitan informazio-materialak zabalduko ditugu elkargoek, gure elkargokideei gogorarazteko oso garrantzitsua dela mediku-errezeta pribatu normalizatua behar bezala ezartzea, bai eta indarreko araudiarekin bat ez datozen errezetak agintzea eta ematea zuzentzea ere. Horretarako, beharrezkoa izango da, beti, paperezko errezeta pribatuak baliozkotzea eta errezeta pribatu elektronikoak behar bezala ematea.

Besteak beste, sendagileei gogorarazten diegu ezinbestekoa dela errezeta pribatua eredu ofizialean egitea (ikus irudia), hori baita balio ofiziala duen bakarra (Elkargoan eskatu behar dira). Era berean, errezeta pribatu asko egiten dituzten sendagileek ere beste aukera intesgarria dute, Elkargoak duela hilabete batzuk emandakoa: errezeta elektroniko pribatua (ikus informazioa).

Bestalde, kanpainaren baitan, farmazialariei eskatzen zaie normalizatu gabeko errezetarik ez onartzeko, eta errezeta pribatuak eredu normalizatua betetzen ez duen edo ondo preskribatuta ez dagoen kasuetan, dagokion agindu-emailearekin harremanetan jartzeko, sendagaiak ematea ezinezkoa dela jakinarazteko. Gainera, Farmazialarien Elkargoak gogorarazi du beren webgunean aurki daitezkeela araudia betetzen ez duten errezeten ereduak.

Gipuzkoa aitzindaria izan zen 2019an, errezeta pribatua paperean baliozkotzeko sistema sartu zuen lehen probintzia izan baitzen. Lau urte geroago, asko aurreratu da errezeta pribatu normalizatuaren ezarpenean, paperean zein elektronikan; hala ere, "oraindik bultzada bat falta da errezeta ez-normalizatuekin amaitzeko eta sendagaiaren trazabilitatea ixteko, faltsutzeak saihesteko eta pazientearen segurtasuna bermatzeko", adierazi dute tartean dauden erakundeek.

Kanpaina osoa hemen ikus dezakezu: https://www.cofgipuzkoa.eus/campana-receta-medica-privada /

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz