COMGI

Osakidetzako lan-eskaintza publikora aurkezteko epea urtarrilaren 25ean irekiko da

Osakidetzak 3.535 lanpostu betetzeko oposizioak egingo ditu, bi fasetan. Lehenengoan 1.611 plaza eskainiko dira, horien artean Familia Medikuntzako 322 plaza eta Pediatriako 62 plaza.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) astearte eta asteazken honetan argitaratuko ditu Osakidetzaren 2018-2019ko lan-eskaintza publikoko 3.535 lanpostuak betetzeko deialdiaren oinarriak, kategoria bakoitzeko gai-zerrenda eta bibliografia ere. Deialdia bi fasetan egingo da eta, gaur zehaztu dutenez, lehen faseko eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 25ean hasiko da, eta otsailaren 24ko 14:00ak arte egongo da zabalik.

Osakidetzak informazio guztia kontsultatzeko atal bat prestatu du bere webgunean, hala nola kategoria bakoitzeko gai-zerrenda orokorra eta espezifikoa eta bibliografia.

Lehen talde horretan 1.611 plaza eskainiko dira 19 kategoriatarako, hala nola, familiako eta pediatriako medikuak, erizainak –laneko eta buruko osasunaren arloko espezialistak barne–, fisioterapeuta, emaginak, optikan eta optometrian diplomadunak, logopedak, terapeuta okupazionalak, gizarte-langileak, anatomia patologikoko teknikari espezialistak, audioprotesian eta dietetikan teknikari espezialistak, eta osasun-dokumentazioan diplomadunak.

Lehen talde honetan eskaintzen diren plazen artean, Lehen Mailako Arreta indartzeko plazak daude, hala nola Familia Medikuntzako 322 lanpostu eta Pediatriako 62.

Lehen faseko azterketak, ziurrenik, maiatza eta uztaila bitartean egingo dira, baina laster emango da proben lekuari, egunari eta orduari buruzko informazio gehiago.

Bigarren fasean, 2022ko udaberrian, gainerako kategoria guztiak sartuko dira.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz