COMGI

Europako Batzordeak Espainiari gomendatu dio osasun-sistemaren gaitasuna indartzea eta egiturazko gabeziak konpontzea

22/05/2020

 

Europako Batzordeak, txosten baten bidez, Espainiako osasun-krisiaren kudeaketari buruzko balorazio-iritzia argitaratu du, bai eta zenbait gomendio ere, egungo uneari nahiz etorkizun hurbileko erronkei aurre egiteko.

Txosten horren arabera, "Espainiako osasun-sistemak emaitza onak eman ditu, nahiz eta inbertsio maila baxua izan". Hala ere, Europako Batzordearen arabera, COVID-19 pandemiaren eztandak aurrekaririk gabeko presioa egin dio sistemari, eta krisiari aurre egiteko ahultasuna agerian utzi du.

Berehalako ekintza gisa, honako hau gomendatzen du: "Gaitasunak indartzea osasunaren arloko langileei, produktu mediko kritikoei eta azpiegiturei dagokienez, pandemian bizitzak salbatzeko eta osasuna leheneratzeko. Desgaitasunen bat duten pertsonak eta egoitzetan dauden adinekoak arrisku berezian egon dira krisialdian. Arreta mediko eta sozialerako etengabeko sarbidea bermatu behar da, larrialdietako eta zainketa intentsiboetako zerbitzuak barne". Halaber, aurrerago, "ahaleginak osasun-sistemaren erresilientzia hobetzera bideratu beharko lirateke, ahalik eta azkarren jardun ahal izateko eta talka berriei hobeto aurre egiteko".

Nabarmendu duenez, "pandemiak arazo estrukturalak agerian utzi ditu, eta horietako batzuk azpiegitura fisikoetan egindako inbertsioetan izandako hutsuneen eta osasun arloko langileen erreklutamenduan eta lan-baldintzetan izandako gabezien ondorio dira". Gainera, azpimarratu duenez, "eskualdeen artean ezberdintasunak daude gastuari, baliabide fisikoei eta pertsonalei dagokienez", eta "gobernu maila ezberdinen arteko koordinazioa ez da beti eraginkorra izan".

Lehen Mailako Arretak osasunaren garapenean duen zeregin nagusia azpimarratzen du; nabarmendu du, halaber, garrantzitsua dela ziurtatzea “atzeraldi ekonomikoaren ondorioz baliabideak murrizteak, ez duela eraginik pertsonen arreta medikoaren estalduran ez eta osasun-arretara sarbidean desberdintasunik sortzen".

Horregatik guztiagatik, gomendatzen du Espainiak neurriak hartzea 2020an eta 2021ean, osasun-sistemaren errekuperazio-gaitasuna indartzeko, osasun-langileei, produktu mediko kritikoei eta azpiegiturari dagokienez.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz