COMGI

Medikuntzaren humanizazioa indartu nahi duen kanpaina abiatu du Sendagileen Elkargoak

18/06/2019

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko ordezkariek komunikazioko kanpaina bat aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan “Medikuntza humanoago baterantz” lemapean, Elkargoaren 120. urteurrenean. Gipuzkoako gizartean aski ezagunak diren 4 aurpegiren testigantzaz baliatuz, medikuaren eta pazientearen arteko harremanaren garrantzia aldarrikatu nahi du kanpaina horrek, “etengabea, hurbilekoa eta konfiantza osokoa” izan beharko lukeen harremana, hain zuzen ere.

Kanpainaren aurkezpenean Elkargoko presidente Manuel García Bengoechea dk.ak, Elkargoko idazkari orokor Belén Alonso dk.ak eta Elkargoko diruzain Victor Irigoyen dk.ak hartu dute parte.

Medikuntzaren deshumanizazioa

Medikuntza da zientzia guztien artean humanoena. Petronio idazleak esan zuen bezala: «Medicus enim nihil aliud est quam animi consolatio» (Medikua ez da arimaren kontsolagarria besterik). Hala ere, medikuntza tradizionalak aldaketa ugari jasan ditu azken hamarkadotan, eta aldaketa horiek ez bakarrik diziplina bera ulertzeko moduari eragin diote, baita medikuntza egiteko moduari ere. Nahiz eta aldaketa horietako askok gaixotasunen diagnostikoan eta tratamenduan aurrerapauso handiak ekarri dituzten, medikuaren eta pazientearen arteko harreman pertsonala, hain beharrezkoa dena, nabarmen murriztu eta mugatu da.

Elkargoko ordezkariek azaldu duten bezala, medikuntzaren deshumanizazioaren inguruko kezka aspaldi samarreko kontua da, faktore ugarirekin (teknologia berriak, burokratizazioa, osasun-sistemaren saturazioa, lan-prekaritatea…) zerikusia duen prozesu konplexu baten ondorioz.

Presidentearen hitzetan, “deshumanizazio horren ondoriorik kezkagarriena izan da medikuaren eta pazientearen arteko harremana hoztu egin dela. Harreman hori  ahalik eta lasterren berreskuratu behar dugu, eta horrexegatik sortu dugu kanpaina hau”. Izan ere, García Bengoechea dk.ak azaldu bezala “harreman horixe izan baita aspaldi-aspaldiko garaietatik medikuntzak bere helburuak lortzeko baliatu izan duen bitarteko nagusia. Laguntza medikoaren zatirik handiena zuzeneko aurrez aurrekoan eta pazientearen eta medikuaren arteko elkarrizketan gauzatzen baita; alegia, mediku-paziente harremana bera da, sarri askotan, pazienteari hobekuntza terapeutikoa ematen diona, diagnostiko klinikoaren oinarria izateaz gain, bestelako proba osagarrien beharra gutxituz kasu askotan”.

Horregatik guztiagatik, “ezinbestekoa da guztiak, profesional, erakunde, enpresa nahiz paziente izan, guztiak medikuntzaren beraren funtsa eta muina den harreman hori babesten saiatzea”.

Ospetsuen testigantzak

4 aurpegi ezagunen testigantzak dira kanpainaren oinarri: pertsonaia ospetsu horiek pazientearen ikuspegitik mintzo zaizkigu, euren bizi-esperientzietan (gaixotasunetan, galera, kezka eta zalantzetan, egunez eguneko harremanean,...) medikuaren irudiak izan duen garrantzia kontatuz.

Beraien istorio eta bizipen pertsonalez gain, euren iritzian “mediku on bat” zer den definitu dute lau-lauek grabatutako elkarrizketetan, eta bertan aipatutakoek ez dute zalantza-izpirik ere uzten: hurbileko norbait, humanoa, gizatiarra, nire zalantzak eta kezkak argituko dituena, kasik familiakoa sentituko dudana. Era berean, guztiek diote medikuarekiko bere harremanak denboran zehar iraungo duen harremana izan behar duela, ezinbestekoa baita medikuak zu ongi ezagutzea bion artean konfiantzazko harremana sortu eta medikuaren irudiaren aurrean segurtasuna sentitu ahal izateko.

SPOT LABURRA:

 

Kanpainaren bideoak www.medikuenahotsa.com atarian ikus daitezke eta baita Elkargoaren youtube kanalean ere, bertan joango baikara argitaratzen hurrengo egunetan kanpainaren protagonista bakoitzaren bideo indibidualak. 

Nola egin aurrera humanizazioan?

Kanpainarekin batera, Sendagileen Elkargoak dekalogo bat argitaratu du, arreta medikoaren humanizazioa indartu eta bide horretan aurrerapausoak eman ahal izateko. Dekalogo horretan proposatutako beste hainbat neurriren artean, osasun-sistema hobetzea aipatzen da, profesional medikoei baliabide eta denbora gehiago eskaini ahal izateko edo Medikuntzako fakultateetan trebakuntza humanistikoa berreskuratzea, neurrietako batzuk azpimarratzekotan.

Hori guztia sakontzeko, hainbat mahai-inguru egingo dira datozen hilabeteetan Elkargoan. Horietan aurrenekoa ostiral honetan bertan izango da, ekainaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, Elkargoko Ekitaldi Aretoan.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz