COMGI
Hasiera > 

"COVID-19. Etorkizunari buruz hitz egingo al dugu?" [2021/03/16]

Hasiera: 2021/03/16
Hasiera ordua: 17:00

Pepe Alcamik, Barne Medikuntzako espezialista eta Mikrobiologiako doktoreak, pandemiak eragindako egoerari buruzko webinar berria eskainiko du Donostiako Udalaren Gizarte Kontseiluaren baitan.

Online bigarren konferentzia horretan, Alcamik etorkizunari buruzko ikuspegia eskainiko du, eta, "COVID-19. Etorkizunari buruz hitz egingo al dugu?" izenburupean, besteak beste, ondorengo gaiak landuko ditu: egungo egoera, aurreikuspenak eta txertaketa-taldeak, aldagai berriak agertzean gerta daitezkeen egoerak, aurreko bizitzara itzultzea eta musukoak bezalako babes-neurrien erabilpena etorkizunean. Azken finean, datu zientifikoetan oinarrituz, birusaren bilakaeraren, hirugarren uhaldiak uzten dizkigun irakaspenen eta hemendik aurrera eman beharreko urratsen azterketa egingo du.

Hitzordua asteartean izango da, martxoaren 16an arratsaldeko 17:00etan Zoom plataformaren bitartez eta Eneko Goia Donostiako alkatea izango du buru. Ordubete inguruko iraupena izango du, eta galderak egin ahal izango dira plataformaren beraren bitartez.

Parte hartu nahi dutenek martxoaren 15a baino lehen bete beharko dute esteka honetan <https://forms.gle/VwyRaa22zU9JSSmN7>  agertzen den galdetegia. Inprimakia beteta jaso ondoren, Zoom plataformara sartzeko esteka bidaliko zaie webinarra ospatu baino egun bat lehenago.

Ibilbide profesional sendoa

Pepe Alcami doktoreak ibilbide profesional luzea du. "Coronavirus, ¿la último pandemia?" liburu arrakastatsuaren egilekidea, gainera, Coronavirusari buruzko Analisi Zientifikoko Taldeko koordinatzailea da Madrilgo Carlos III Osasun Institutuan, eta han HIESaren Immunopatologia Unitatea ere zuzentzen du.

Alcamí, gainera, Bartzelonako Clinic Ospitaleko GIB Unitateko zuzendari zientifikoa da, eta aditu ezaguna birus infekzioen eta immunitate sistemaren arteko azterketa eta interakzioan.

Guztira 180 argitalpen zientifiko eta 100 liburu-kapitulu argitaratu ditu, eta Europako eta Espainiako gaixotasun infekziosoen ikerketaren arloko aholku-batzorde ugarietan parte hartzen du. Gainera, pandemiaren bilakaera aztertu du pepealcamicoronavirus.blogspot.com <http://pepealcamicoronavirus.blogspot.com>  blogean.

Joan den urriaren 1ean, Gizarte Kontseiluak antolatutako lehen online hitzaldia <https://www.youtube.com/watch?v=rtoIP4YKyLo> eskaini zuen, "COVID-19aren aurkako txertoa. Amaieraren hasiera?" izenburupean eta harrera bikaina izan zuen, bai hiriko organo aholku-emaile goreneko ordezkarien artean, bai publiko orokorraren artean.

 

 
comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz