COMGI

Lehen Mailako Arreta lehenbailehen berrantolatu behar dela dio Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak

12/04/2023

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko Gobernu Batzordea oso kezkatuta dago Lehen Mailako Arretak Gipuzkoan nahiz Euskadi osoan bizi duen egoerarekin eta profesionalen (lehen mailako arretako sendagile eta pediatrak, besteak beste) eta gaixoen beharretara egokitzen den kalitatezko sistema bat lortzeko neurriak behar direla esan du. Horretarako, lehenbailehen neurriak hartu eta sistema berrantolatu behar da.

Elkargoak berriro ere eskatu nahi die osasun-agintariei lanean jar daitezkela lehenbailehen neurri egonkorrak hartzeko eta osasun zentroek bizi duten eguneroko egoera aldatzeko. Era berean, konfirmatu du duela bi hilabete Lehen Mailako Arretaren inguruko proposamen dokumentua bidali zela Osasuneko sailburuari, Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariari, baina ez duela erantzunik jaso horren inguruan.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak bere kezka azaldu nahi du, batik bat, profesionalek bizi dituzten lan baldintzekin eta askok ondoez psikikoa pairatzen dutela salatu du, burnout sindromea delakoa. 

Honek guztiak arrisku larrian jartzen du gure osasun sistema publikoa, kalitatezko arreta eta gaixoen segurtasuna (zita hartzeko gero eta denbora gehiago, jarraikortasunaren galtzea, eta abar).

Proposamen zehatzak

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak, Eusko Jaurlaritzara bidalitako dokumentuan, ondorengo hiru esparruetan neurriak hartzea eskatzen du:

  • Agendak: Profesional medikoen eskasiak, batetik, eta gaindiagnostikoek, gaintratamenduek eta arreta emateko unean irisgarritasunaren eta berehalakotasunaren arteko nahasmenduak baldintzatzen duten osasunsistemaren erabilera okerrak, bestetik, arriskuan jartzen ditu asistentziaren kalitatea eta pazientearen segurtasuna. Medikuak duen denbora kontrolatu ezinak are larriagotzen du profesional medikoen estres emozionala, beraz, proposatzen duguna zera da: ekintzen kopurua mugatu eta/edo ataza bakoitzeko denborak errespetatzea; agendaren autokudeaketa eta LMAko Unitate bakoitzaren autonomia indartzea baliabideak eurek antolatzeko. Horretarako ezinbestekoa da egonkortasuna lortzea profesional guztien plantilletan.
  •  
  • Kudeaketa horizontala: Barne-komunikazio gehiago eta eraginkorragoa behar da. Bestelako asistentzia-mailetan gertatzen den bezala, Lehen Mailako Arretako Unitateburuak (gaztelaniaz JUAP) LMAko taldeak berak proposatu beharko lituzke (betiere medikuak izan beharko lukete), eta merezimendu-lehiaketa garden baten bidez hautatuak gainera (JUAPek epaimahaiko gisa parte hartuko lukete lehiaketan). Behar-beharrezkoa da, horrexegatik, familia eta komunitateko medikuntzako egoiliarren eta medikuntzako ikasleen tutoreen figura zaindu, bultzatu eta onartzea eta espezialitate mediko hau ezagutzera ematea. Horretarako, Unibertsitatean LMAri buruzko ezagutza-arlo bat sortu behar da eta BAME guztien errotazioan txanda bat LMAn egin. Azkenik, profesional medikoak modu askoz ere hurbilagoan tratatuak behar lukete izan, euren ondoezaren arrazoiak aditu eta ulertuz, talde bakoitzean irtenbideak bilatu eta aurkitzeko konpromisoarekin, arrisku psikosozialak kontuan hartuz betiere.

 

  • Biztanleriarekiko lana: beharrezkoa da Lehen Mailako Arretaren inguruan informazioa, sentsibilizazioa eta aintzatespena emateko lan sakona egitea komunitate-mailan.  Gure LMAren egungo egoera txarraren jatorria pandemia agertu aurretik kokatzen da. Horregatik bertako profesionalei entzutea eskatzen dugu eta har daitezela berehala LMAko taldeetan eguneroko lan-jardunean sumatzen diren asperdura, nekea eta motibaziorik eza konpontzeko neurri egokiak.

 

Azkenik, Elkargoak azpimarratu nahi du hartzen diren neurriak oinarrian dauden arazoak konpontzera bideratu behar direla eta ezinbestekoa dela denboran iraunkorrak izatea. Izan ere, inprobisatutako neurriak ez dira inondik inora eraginkorrak: esatera baterako, Aste Santuan gertatutakoak, non Etengabeko Arreta Guneetan (EAGko) ordutegiak murritu diren eta sendagile gabeko zerbitzua eman den, gaixoengan eragin zuzena duena. Bertan egon diren erizainek 112ra deituta edota Donostiako Hospitalean triajean diharduen sendagileari deituta lan egin behar izan dute. Eta hori guztia ez da bakarrik sendagile faltagatik: kudeaketa desegokiagatik eta zerbitzu hauetan lan baldintzak okertzeagatik da, eta, era berean, egoera horrek beste zerbitzuetako karga igo dezake.

Eusko Jaurlaritzara bidalitako dokumentua

 

 

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz