COMGI

Sendagileen Elkargoa eta AECC Gipuzkoa, minbiziaren aurka elkarlanean

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak eta AECC Gipuzkoak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean Elkargoko egoitzan, minbiziaren aurka elkarrekin aritzeko asmoz. Bi entitateetako presidenteek sinatu dute akordioa: Elkargoko Manuel García Bengoecheak eta AEECC Gipuzkoako Juan Manuel Ormazabal Jordanak. Bi ordezkariak oso pozik agertu dira hartutako konpromisoekin eta azpimarratu dute ekimen desberdinak aurrera eramateko aukera asko irekitzen dituela akordioak.

Alde batetik, datozen hilabeteetan, jarduera desberdinak antolatzea aurreikusten dute elkarlan honen baitan, esaterako, adituen hitzaldiak edota formakuntza jarduerak, bai sendagileei zuzenduta baita gizarteari orokorrean ere. Bestalde, AECC Gipuzkoaren jarduera bere kolektiboaren artean zabaltzeko konpromisoa hartu du Elkargoak; hala, sendagileak animatuko ditu elkarte hau ezagutu eta bere ekintzetan parte hartzera.

Azkenik, AECC Gipuzkoak antolatu duen igande honetako V. GIPUZKOA MARTXAN lasterketa eta martxari bere babesa eman dio Elkargoak eta antolaketara bideratua izan den diru ekarpen bat egin du.

AECC Gipuzkoak 31 urteko ibilbidea du lurraldean eta gaur egun 12.000 bazkide baino gehiago ditu. Euren ekarpenei esker, elkarteak doako zerbitzuak eskaintzen dizkie minbizia duten gaixoei eta bere senitartekoei. Pasa den urtean, esaterako, mila gipuzkoar baino gehiagori laguntza eskaini zien, giza esparruan nahiz maila psikologikoan laguntzeko.

Geure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazioaren arabera. Nabigatzen jarraitzen baduzu cookien erabilera onartuko duzu. Geio irakurri