COMGI

ESTATUTU PROPIO BATEN ALDE

ESTATUTU PROPIO BATEN ALDE

Osasun Ministerioak proposatutako Esparru-Estatutuaren erreformaren aurrean, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak bat egiten du, berriro ere, medikuentzako arau-kode bakarra egitearen alde daudenekin.

Lege-aurreproiektu hori "ez da laneko gaia bakarrik", baizik eta "lanbide medikoaren jardunaren barruan kokatzen duen estatutua".

Horrenbestez, COMGIk berretsi egiten du lege-aurreproiektuak aipatzen dituen alderdi hauen aldarrikapena:

1.LANBIDE-SAILKAPENA, A1+ LANBIDE-TALDEA AITORTZEA

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak defendatzen du garrantzitsua dela profesional medikoak A1+ lanbide-sailkapenarekin aintzat hartzea, masterreko eta espezialitateko prestakuntza ez ezik, haien gaitasunak eta osasun-sisteman beren gain hartzen dituzten erantzukizun espezifiko eta bakarrak ere balioetsiz.

Medikuntzako karrera sei urtera zabaltzen da (eta horri gehitu behar zaio lau eta bost urte arteko espezialitatea, osasun-sistema publikoan jarduteko derrigorrezkoa dena), beraz, ezin da beste prestakuntza batzuekin parekatu: medikuntzakoa ez da gradu estandarra (4 urte eta 240 kreditu), baizik eta gradu gehi master bat barne hartzen du, irakastorduengatik eta espezializazio-mailagatik (6 urte eta 360 kreditu).

Beraz, profesional medikoek beren prestakuntza- eta funtzio-errealitatearekin bat datorren sailkapena izatea defendatzen dugu.


2. LANBIDE ARRISKUTSUA DUGULA AITORTZEA

Elkargoak bat egiten du hainbat erakunde medikok egindako eskaerarekin eta lanbide medikoa arriskuko lanbidetzat hartzeko eskatzen du.

Izan ere, medikuek hainbat arrisku dituzte beren eguneroko lanean, hala nola, patogenoekiko esposizioa, lan-karga nekagarria, lanaldi luzeak eta gaueko txandak, presiopean erabaki kritikoak hartu behar izatea, estres emozionala eta hil edo biziko egoeren eraginpean egotea edo praxi txar batek ekar dezakeen legezko erantzukizuna, besteak beste. Aldarrikapen horrek indarra hartu zuen COVID-19aren pandemian, eta agerian utzi zituen arrisku horiek guztiak, eta argi eta garbi erakutsi zuen mediku profesionalen ahultasuna.

Aitortza horrek babes sozial handiagoa ekarriko lieke mediku profesionalei, eta hartzen dituzten arrisku espezifikoak balioan jarriko liratake. 

3. ATSEDENALDIAK (LANALDIA ETA KONTZILIAZIOA)

Proposatutako arauak ez du guardiak egiteko betebeharra ezabatzen, ezta horiek arautzen ere medikuek aspalditik eskatutako neurriekin: ez ditu ordu horiek erretirorako lan egindako denbora gisa zenbatzen, guardien ordainsaria ohiko orduarena baino txikiagoa da, guardia lokalizatuak arautu gabe daude oraindik, medikuentzat 48 orduko nahitaezko lanaldia mantentzen du eta 150 ordura arteko lanaldi berezia planteatzen du; ez ditu zenbatzen guardia osteko asteko eguneko atseden-orduak, eta errekuperatzera behartzen ditu, etab.

Elkargoak lan-kargen arrazoizko mugak ezartzea eskatzen du, bai lanaldietan, bai guardietan eta atsedenaldietan.

Ondorioa: berezko esparru-estatutua

Alderdi horiek guztiek medikuentzako esparru-estatutu propioa izateko beharra berretsi besterik ez dute egiten. 2003. urteko egungo esparru-estatutuak 3. artikuluan lanbidearen edo lanbide-taldearen araberako araudi espezifiko baten beharra azaltzen zuen, eta gaur egun ez da araudi hori gauzatu.

Hori dela eta, COMGIk mediku lanbidearen berezko Esparru Estatutu bat garatzea eskatzen du eta noski profesionalen eguneroko zereginean modu eraginkor batean hori ezartzea.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz