COMGI

Errezeta pribatuak faltsutzea saihesten duen sistema estreinatu da Gipuzkoan

16/07/2019

Gipuzkoa izan da Mediku, Farmazialari, Dentista eta Podologoen Kontseilu Orokorrek bultzatutako balidazio-sistemara atxiki den aurreneko probintzia.

Errezeta pribatuaren autentikotasuna edozein farmaziatatik balidatu ahal izateko aukera eskaintzen du gaur abian jarri den proiektuak, errezeta horiek Egiaztapen Elektronikoko Kodea (EEK) baitaramate beraiekin.

Ezarritako sistemak errezeta pribatuaren trazabilitatea ahalbidetzen du, hasi mediku preskriptorea egiaztatzetik eta botika behar bezala banatua izan dela ziurtatzeraino; era horretan errezeta berriro erabilia izatea saihesten da.

Gaurko egunarekin jarri da martxan Gipuzkoan errezeta pribatuak paperezko euskarrian balidatzeko sistema berria. Mediku, Farmazialari, Dentista eta Podologoen Kontseilu Orokorrek elkarrekin abiatutako ekimen horrek errezeta pribatuaren autentikotasuna bermatzen du, errezeta horiek faltsutzea saihestuz bide batez.

Errezeta pribatuaren izaera ofizial eta sanitarioa berrestea, errezeta bera erabiliz botikak behin eta berriz banatzea ezinezkoa bihurtzea, abusuzko edo maulazko jarduketa posibleen aurkako defentsa sendotzea eta pazienteei segurtasun handiagoa eskaintzea izango lirateke martxan jarritako balidazio-sistemak dituen abantailen artean nabarmentzeko moduko nagusiak.

Sistema berriaren aurkezpeneko ekitaldia Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren egoitzan egin da, eta bertan honako hauek hartu dute parte: Iñaki Betolaza Euskal Herriko Farmaziako zuzendari nagusiak; Serafín Romero Sendagileen Elkargoen Kontseilu Orokorreko lehendakariak;  Jesús Aguilar Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Orokorreko lehendakariak; Francisco José García Dentisten Kontseilu Orokorreko lehendakariordeak eta Rafael Navarro Podologoen Kontseilu Orokorreko idazkari nagusiak.

Aurrekoez gain, ekitaldian izan dira baita ere Manuel García Bengoechea, Miguel Angel Gastelurrutia, eta Tomás Gastaminza Lasarte, Gipuzkoako Sendagileen, Farmazialarien eta Dentisten Elkargo Ofizialetako lehendakariak, hurrenez hurren, eta Álvaro Díaz Suarez, Euskal Herriko Podologoen Elkargoko lehendakaria.

Sendagileen Elkargoen Kontseilu Orokorreko lehendakaria den Serafín Romero-rentzat, sistema hau martxan jartzeak “duela 9 urte CGCOMek pazientearen segurtasunaren mesedetan pentsatutako estrategia burutzea” esan nahi du eta “erakundearen gizartearekiko konpromisoa erakusten du, lanbide sanitarioen artean beharrezkoak diren lankidetzako ekintzak garatuz” bide batez. CGCOMeko lehendakariarentzat gaurko adibidearekin “argi eta garbi ari gara erakusten zenbateraino den beharrezkoa jarduera profesionalaren kontrol unibertsala lanbidearen beraren eskutik, hiritarrentzat orokorrean eta pazienteentzat zehazkiago esateko asistentzia kalitatezkoa izango dela zalantzarik gabe bermatzeko”.

Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Orokorreko lehendakaria den Jesús Aguilar-en hitzetan, proiektu honekin nabarmen jartzen da berriro ere  Lanbide Farmazeutikoaren gaitasun teknologikoa eta berrikuntzakoa. Horrela, errezeta pribatuen balidazioa posible izango dela eta   Farmazialarien Elkargoko Erakundearen Nodofarma izeneko plataforma teknologikoaren bidez bideratuko dela azpimarratu du Aguilarrek. Plataforma horrek Preskriptoreen Kontseilu Orokorretako gordailuetara konektatzeko eta preskripzioa balidatzeko plataformara heltzeko aukera ematen die Estatu osoko farmazia-bulegoei, errezeta pribatuen Egiaztapen Elektronikoko Kodeak egaiaztatu ahal izateko. “Elkargoetako kideok ari gara gidatzen, proiektuz proiektu, eta urrats sendoak emanez betiere, prestazio farmazeutikoaren digitalizazioa”, Jesús Aguilarrek dioenez.

Dentisten Kontseilu Orokorreko lehendakariordea den Francisco José García-rekin bat, “proiektu hau  oso garrantzitsua da   gizartearentzat, oro har, eta pazienteentzat, bereziki, izan ere profesionalek agindu dizkieten botika eta produktu sanitarioekiko erabateko bermea eskaintzen baitzaie sistema honekin. Eta hori guztia gaur hemen ordezkatuak dauden osasun-lanbide guztien konpromisoari esker eta  elkarlanean aurrera eramandako lankidetza-ekimenei esker izan da posible”. Zentzu honetan, gogorarazi du ezen OMC erakundeak landutako Preskripzioko plataforma bakarra 2013an abian jarri zenetik, dentistek 20 milioi errezeta baino gehiago eskuratu dituztela paperean, eta horrek ondotxo erakusten duela lankidetzako ekimen horren arrakasta, izan ere farmazialarien balidazioa besterik ez baitzitzaion falta egitasmoari bere segurtasuna eta trazabilitatea erabat osatzeko. “Ez dugu ahaztu behar intrusismo profesionala saihestea dela errezetaren helburuetako bat, eta zoritxarrez kasu ugari gertatu izan direla eremu odontologikoan, hiritarren osasuna arrisku larrian jartzeraino sarri askotan”, berak zehaztu duen bezala.

Podologoen Elkargoen Kontseilu Orokorreko idazkari nagusia den Rafael Navarro-ren ustez, “ezinbestekoa da guretzat ere ekimen honetan medikuekin, odontologoekin eta farmazialariekin batera aritzea, gizarteak jakin bahar baitu Podologiaren profesionalek eskumena dutela  botikak agintzeko, eta diagnostikatru, tratatu eta baita operatzeko ere,  pazientea beste inongo  profesional sanitarioren eskuetatik bideratua izan gabe ere”. “Medikuekin eta odontologoekin alderatuz gero, gurea kolektibo txikiagoa denez, eta sanitate publikoan egon ordez kontsulta pribatuetan gaudenez,  jende askok ez daki guk botikak agintzeko eskumena daukagula”, diosku Rafael Navarrok. Idazkari nagusiak gaurko ekitaldia baliatu nahi du  kortikoidez eta antiinflamatorioz osatutako pomadak, edo antibiotikoak dauzkatenak podologoaren errezetarik gabe erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazteko, erresistentziak sortzen ari baitira: “Ez du ezertarako balio farmaziara joan ginenetik pomada etxean gorde eta diagnostiko berririk egin gabe automedikatu eta berriro  erabiltzea”.

Elkarrekin, pazientearen segurtasunaren alde

Joan zen martxoan, osasun-lanbideetako lau elkargo-erakundeek lankidetzarako akordio bat sinatu zuten, gaur bertan estreinatzen den errezeta pribatua autentifikatzeko sistemaren sorkuntza bultzatzeko. Profesional sanitarioek tratamenduen segurtasunarekiko daukaten konpromisoa islatzen du akordio horrek, proiektuaren esloganean bertan (“Elkarrekin, pazientearen segurtasunaren alde”) jasoa geratu den bezala.

Proiektu horrek Errezeta medikoari eta dispentsazioko aginduei buruzko  1718/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzen du; horren argigarri, bai eskuz betetzekoak diren nahiz informatizatuak dauden paperezko euskarriko errezeta medikoak faltsutzea zaildu edo ezinezkoa egingo duten materialekin landuko direla esaten baitu dekretuak bere 4. artikuluan edota errezeten autentikotasuna bermatuko duten segurtasuneko neurriak sartuko direla sistemaren barruan, izanik horren guztiaren erantzukizuna jarduera pribatua eta/edo jardun profesional librea duten elkargo profesionaletako kontseilu orokorren ardurapekoa.

 

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz