COMGI

Sendagileen Elkargoak bi urrezko domina eman ditu Sendagilearen Egunean

11/10/2019

Urriaren 11n, ostirala, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak, urtero bezala, Sendagilearen Eguna ospatu du. Ekitaldi honetan, Elkargoak omenaldia egiten die 70 urte bete dituzten sendagileei, baita urtero izendatutako Ohorezko Sendagileari ere.

Ekitaldia Elkargoko presidente den Manuel Garcia Bengoecheak ireki du eta bere alboan izan dira Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundeko presidentea, Serafín Romero, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua, Nekane Murga.

Ondoren, Enrique Samaniego sendagileak Ignacio María Barriolari buruzko hitzaldi laburra eskaini du. Honetan, sendagilearen alderdi humanoena balioan jarri nahi izan du, hain zuzen Elkargoak bere 120 urteurrenaren baitan martxan duen kanpainarekin bat eginik: Medikuntza humanoago baterantz.

Hitzaldiaren ostean, omendutako sendagileen txanda izan da eta Ohore Goreneko Elkargokide izendatutako José León Navarro Armendariz-eri ere omenaldi berezia egin zaio Elkargoko makila emanez.

Bi urrezko domina

Apiriletik bere 120 urteurrena ospatzen ari da Elkargoa eta, testuinguru honetan, bi urrezko domina ematea adostu zuen Gobernu Batzordeak: bata Onkologikoari eta bestea Diego Murillo jaunari, A.M.A. aseguru etxearen fundatzaileari.

Elkargoak azpimarratu du lehen dominaren oinarrian “medikuntzaren alde eta gipuzkoar guztien osasunaren alde” Onkologikoak egin duen lana dagoela eta gogorarazi nahi izan du “sendagile talde baten ekimenez sortu zela Aldakoenean Institutu RadioKirurgikoa, minbiziaren hedapenak eragiten zien kezkagatik”. Ordutik, adierazi du Bengoecheak, “gipuzkoar askok eta askok euren gaixotasunarentzat egokien izan den tratamendua jaso dute hemen, eta hori posible izan da Kutxa Fundazioaren laguntza eta babesa jaso duelako zentroak urtez urte”. Horregatik, “Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeak erabakita, eta ondoren ospatutako Batzar Nagusian adostuta, urrezko domina ematen diogu Onkologikoari” bukatu du presidenteak.

Domina Kutxa Fundazioko presidente den Carlos Tamayo jaunak jaso du. Bere hitzetan, “jaio zen unetik Onkologikoaren proiektua oso ongi enfokatua egon da. Bai sendagileek bai bertako osasun langile guztiek eta baita babesa eman dion entitate finantzieroak ere gaitz honen aurka borrokatu dute”. Gainera, adierazi du Tamayok, “etorkizunean murgilduta gaude. Osakidetzarekin dugun akordioari esker, Onkologikoak dimentsio berria izango du: Euskadin erreferente izango den zentro onkologikoa bilakatu nahi du. Eta fase berri honetan, Kutxa Fundazioak babesa ematen jarraituko du, batik bat, ikerketa eta garapenari dagokionean. Onkologikoa da gure giza-inbertsio nagusia. Esandakoa: sendatu eta ikertu”.

  

Bigarren domina Diego Murillo jaunari eman dio Elkargoak,  A.M.A. aseguru etxearen fundatzaileari, hain zuzen ere. Bengoecheak azaldu duenez, “sendagile bikaina izateaz gain, profesio honetan eta A.M.A. aseguru-etxean garrantzi handiko gizona izan da Murillo eta osasunarekin nahiz gizarte gaiekin loturiko proiektu anitzen bultzatzaile izan da”. Gainera, hamarkadak daramatza Estatu mailako Sendagileen Elkargoen ondoan lan egiten baina, bereziki, “Gipuzkoako Sendagileen Elkargoari eta bere elkargokideei emandako babesa” azpimarratu nahi izan du Elkargoko presidenteak. Murillo jaunak ezin izan du Donostiara bidaia egin eta bere izenean egungo A.M.A.ko presidenteak jaso du domina, Luis María Campos Villarinok.

Ekitaldia amaitu denean afaria ospatu dute sendagileek San Telmo Museoan.

Geure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazioaren arabera. Nabigatzen jarraitzen baduzu cookien erabilera onartuko duzu. Geio irakurri