Dagoeneko eskuragarri duzue MEDIKUEN AHOTSA podcastaren atal berria.
Kapitulu honetan nazioarteko lankidetza medikoaz aritu gara. Izan ere, gure artean badira euren egunerokotasuna atzean utzi eta errealitate oso desberdinetan murgiltzeko urratsa ematen duten sendagileak: baliabide mugatuak dituzten ospitaleetara doazenak, urruneko komunitateetara, non txerto batek edo antibiotiko batek bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea suposa dezakeen.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko egoitzatik, Eva Rua eta Antton Aldanondo elkarrizketatu ditugu, Mukwano Lagun GKEko mediku kooperanteak. Garapen bidean dauden herrialdeetan osasunak duen funtsezko eginkizunaz edota kooperanteek dituzten erronkez mintzatu gara, baita tokiko langileekin ezagutzak trukatzearen garrantziaz edota hainbeste euskal profesional bultzatzen dituen elkartasun espirituaz. Eta Gaza ahaztu gabe, medikuek bizia arriskatu baitute beste batzuk salbatzeko.
Hori da Medikuen Ahotsaren atal berri honetan jorratuko dugun gaia. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren podcasta da, Rural Kutxaren laguntzarekin, eta plataformetan entzun eta youtuben ikus dezakezu.