COMGI

Lehen Mailako Arretaren egoeraren inguruko Elkargoko adierazpena

Asko dugu jokoan

Lehen Mailako Arreta gure Osasun Sistemaren oinarria da. Gaixoek igaro beharreko lehen atea da, euren gaixotasun eta gaitzak tratatuko dituen zirkuituan murgildu baino lehen. Lehen Mailako Arretan aurkitu izan dute, era berean, euren erreferente izan den medikua, elkarrekin landutako konfiantzazko profesionala.

Duela urte batzuetatik hona, ordea, Lehen Mailako Arreta itolarrian dago. Gipuzkoako Lehen Mailako Arretan aritzen diren 800 profesional baino gehiagok egunero jasan behar izaten dituzte traba eta arazo ugari, esaterako, gaixoak behar bezala entzun, esploratu eta zer duten diagnostikatzeko denbora falta; opor garaian jasaten den ordezkoen falta; egunero egin beharreko gehiegizko burokrazia, egungo lan kargarekin guztiz bateraezina dena edota kontratuen ezegonkortasuna eta prekarietatea.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargotik, beste behin ere, gure kezka agertu nahi dugu, jakinda, ez dela Gipuzkoan soilik gertatzen den arazoa, baizik eta Estatu mailako errealitate bat. Autonomia Erkidego desberdinetan greba eta mobilizazio ugari deitu dira azken asteetan sindikatu eta sendagileek osaturiko plataformetatik.

Horregatik guztiarengatik, epe motz, ertain eta luzerako neurriak hartzeko unea iritsi dela uste dugu, Lehen Mailako Arreta gehiago ahuldu baino lehen. Izan ere,  ezinbestean ahulduko da berarekin gure Osasun Sistema osoa, hainbeste urteetan gure lan orduak eta esfortzua jaso dituena. Ezin dugu ahaztu, gainera, egun bizi dugun gizartean Lehen Mailako Arretaren erabilera gora doala etengabe, gizarte zaharkitua garen aldetik. Gero eta gaixo kroniko gehiago daude, gero eta pertsona gehiagori etxean bertan eman behar diegu arreta, zainketa aringarriek ere gora egiten dute…

Asko dugu jokoan, eta gehiegi galdu dugu orain arte. Lan egiteko autonomia eta erabakitzeko eskubidea galdu ditugu, baita gure lana egiteko testuinguru eta klima atsegina ere, eta bestelako jarduerak egiteko denbora ere galdu dugu (ikerketa, irakaskuntza…). Profesionalon lanari esker ez dugu, oraindik, gure gaixoen konfiantza galdu, ez eta gure profesioaren prestigioa ere, baina horiek ere jokoan daude, egun lan egiten dugun baldintzak aldatu ezean.

Guztiaren gainetik, ordea, gure gaixoen osasuna dago. Eta larriena horixe da: hori ere jokoan dagoela. Gaixoa entzun, esploratu eta behar den bezala artatzeko denborarik gabe ezin dugu kalitatezko arreta eskaini, eta, beraz, ezin da euren segurtasuna bermatu. Gainera, kontratuen ezegonkortasunak ere eragin zuzena du arretan: ezinezkoa bihurtzen da gaixo eta sendagilearen arteko konfiantza eta ezagutza lantzea, sendagileak batetik bestera bagabiltza lanean. Gaixoaren ezagutzak diagnostiko eta gaixotasunaren jarraipen hobea egiten laguntzen digu. Azken finean, Familia Medikuaren figura hori da jokoan dagoena.

Ezin dugu galtzen jarraitu. Bila ditzagun irtenbideak eta lehen bait lehen martxan jarri.  

Geure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazioaren arabera. Nabigatzen jarraitzen baduzu cookien erabilera onartuko duzu. Geio irakurri