COMGI

Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundeak erasoei buruzko gida bat argitaratu du

24/09/2010

Sendagileen aurkako erasoak saihesteko bidea agintaritzaren aurkako erasotzat hartzea da

Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundeak sendagileen aurkako erasoak saihesteko jarduketa-gida bat argitaratu du, halakorik gertatuz gero eman behar dituzten pausoei buruzko orientazioa emateko. Halaber, Erasoen Behatokia martxan jarriko da aurreikuspenen arabera. Izan ere, osasunaren esparruko langileek jasandako indarkeria-gertakariek nabarmen egin dute gora azken hamarkadan.

Sendagileei egindako gomendioen artean nabarmentzekoa da komunikazio-estrategietan prestakuntza egokia izatearen garrantzia; izan ere, estrategia horiek lagungarriak dira enpatiazko erlazioa sortzeko, are erabiltzailearen igurikimenak betetzen ez direnean ere, eta baita sendagileak erabiltzaileari laguntza-sistemaren antolakuntzaren ondorio diren kexak non aurkeztu behar dituen adierazi ahal izateko ere.

Gainera, sendagileek prestakuntza espezifikoa izatea gomendatzen da arrisku-egoerak errekonozitzen jakin dezaten, eta ondorioz, gertaerei aurrea hartu ahal diezaieten. Beste gomendio batek sendagileei aholkatzen die hirugarrenen esku-hartzea eskatzea, gertaerak (eta arrisku-egoerak) lantokiko erantzuleei ezagutaraztea eta gertaerei buruzko beharrezko dokumentazioa (txosten medikoak, argazkiak, eta lekukoen, erasotzailearen eta bere laguntzaileen identifikazioa) jasotzea.

2007. urteko irailaz geroztik Euskal Herriko Sendagileen Elkargo Ofizialak badauka medikuen kontrako erasoen aurrean jarduteko protokolo bat. Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak, Arabako eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegietako Fiskaltzek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialek adostutako protokolo hau aitzindaria da estatuan. Protokoloa sinatu zenez geroztik eraso fisikoak eta larderia larria bere eginkizunak betetzen ari den funtzionario publiko baten aurkako atentatu-delitutzat hartuko dira, eta hiru urteko kartzela-zigorra ekar dezakete.

Geure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazioaren arabera. Nabigatzen jarraitzen baduzu cookien erabilera onartuko duzu. Geio irakurri