COMGI

Euskal medikuek gailu digitalen gehiegizko eta gainbegiratu gabeko erabilerak haurtzaroan dituen ondorio negatiboez ohartarazi dute

Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluak (ESEK), Euskal Herriko Pediatria Elkarteak (EHPEA) eta Lehen Mailako Arretako Pediatriako Euskal Elkarteak (EHOP) ohartarazi dute ondorio kaltegarriak eragin ditzakeela haurtzaroan eta nerabezaroan gailu digitalak gehiegi eta gainbegiratu gabe erabiltzeak, Bizkaiko Medikuen Elkargoan arratsaldean aurkeztu duten dokumentu baten bidez. Hiru erakundeek haurrak digitalizazioaren arriskuetatik babesteko osasun, hezkuntza eta erakunde-esparruen artean neurri koordinatuak hartzea eskatu dute, familia, gizarte eta eskola ingurune osasuntsuak bermatuko dituztenak.

Medikuen korporazioek gogorarazi dute, halaber, beharrezkoa dela elkarte zientifikoek erabilerari buruz emandako gomendioak errespetatzea, eta smartphoneen erabilera atzeratzeko beharra azpimarratu dute.

Nerea Trebolazabala EHOPeko presidentearen ustez, «ebidentzia zientifikoak erakutsi du pantailen eraginpean denbora luzez egoteak eragin negatiboak dituela osasun fisikoan, mentalean eta haur eta nerabeen garapenean».

Ainhoa Icetak, Euskal Herriko Pediatria Elkarteko presidentea, adierazi duenez, «haurren eta nerabeen osasunean lan egiten duten profesionalen betebeharra da ahal duten guztia egitea egungo digitalizazioak haien osasunean eta garapenean eragiten dituen arriskuen aurrean babesteko eta ingurune egoki bat eskaintzeko modu osasuntsu eta erresilientean hazteko eta interferentziarik gabe ikasteko».

Bestalde, Joseba Atxutegi, ESEKen presidenteak azpimarratu du medikuek garrantzi handia dutela gurasoei eta irakasleei aholkuak emateko garaian, haiek baitira gazteek pantailak nola erabiltzen dituzten jakiteko arduradun nagusiak.

Euskal medikuentzat beharrezkoa da hezkuntza sistemak sakelako telefonorik gabeko eskola espazioak eta ebidentziarekin koherenteak diren plan digitalak eskaintzea, paperezko euskarriak eta ikaskuntza aktiboa lehenetsiz.

«Gailu digitalak, osasuna eta garapena haur eta nerabeengan» posizionamendu-dokumentua erantsi da.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz