Kursaalak eta Elkargoak lankidetza estrategikorako esparru-hitzarmena sinatu dute, Donostia abangoardiako kongresu, bilera eta jarduera zientifikoak egiteko lehentasunezko destino bihurtzeko.
Hitzarmena Iker Goikoetxea Kursaal Zentroko zuzendari gerenteak eta Carmen Solórzano Elkargoko lehendakariak sinatu dute, eta, besteak beste, elkargokideentzako laguntza-esparru integrala ezartzen du. Hitzarmen honen bidez, profesional sanitarioek laguntza espezializatua izango dute Kursaal eta Miramar Jauregian kongresuak, bilerak eta jarduera medikoak antolatzeko. Era berean, aholkularitza eta laguntza tekniko eta zientifikoko zerbitzuak eduki ahal izango dituzte, Elkargoak kudeatzen duen Urumea Eventos-en bitartez.
"Akordio hau urrats naturala da gure azpiegituren potentziala gure komunitate mediko eta zientifikoaren talentuarekin lotzeko", adierazi du Iker Goikoetxeak. Bestalde, Carmen Solorzanok nabarmendu duenez, "gure elkargokideei lagundu nahi diegu ekitaldi zientifiko bat antolatzea errazagoa izan dadin, benetan axola duen horretan zentratzeko aukera emanez: zientzian eta osasunean".
Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du hasieran, eta Jarraipen Batzorde bat izango du, gizartearentzat balioa duten edukiak sustatzeko eta zabaltzeko helburuak modu eraginkorrean betetzen direla berrikusteko.
Onura zuzena gipuzkoar gizartearentzat
Logistika operatiboaz gain, akordio honek lurraldearen aurrerapen sozial eta zientifikoarekiko konpromiso sendoa azpimarratzen du:
- Bikaintasun Medikoa: Biltzarren antolaketa erraztean, ezagutzak trukatzea eta osasun-arloko profesionalak eguneratzea sustatzen da, praktika medikoan aurrera egiten eta herritarrei arreta hobea ematen lagunduz.
- Proiekzio profesionala: Kongresu eta topaketa zientifikoak egiteak profesional medikoa balioan jartzen du eta kolektiboaren ikusgarritasuna indartzen laguntzen du, bakoitza bere komunitate zientifiko eta profesionalaren barruan erreferente gisa kokatuz.
- Eragin ekonomikoa: Ezagutzari eta zientziari lotutako balio handiko biltzarrak eta bilerak erakartzeak eragin positiboa du lurraldearen garapen ekonomikoan, eta, aldi berean, Donostiak eta Gipuzkoak ezagutzaren, berrikuntzaren eta ikerketaren ekosistema gisa duten posizioa indartzen du.
- Nazioarteko proiekzioa: Aliantzak "Donostia" marka indartzen du berrikuntzarako eta ezagutzarako gune gisa, talentua eta ikuspen zientifikoa maila globalean erakarriz.