COMGI

OSAKIDETZAren EEPak (enplegu-eskaintza publikoak): profesionalenganako beste tratu txar bat gehiago

Sarri askotan esan izan zaigu administrazio publikoen ahotik ez dagoela behar adina profesional mediko. Baina guk ere aspalditxotik erantzun diegu esanez lehenik eta behin daudenak zaindu behar direla. Gaur egun lanean ari diren medikuak, batetik, eta baita gainerako profesional sanitario guztiak ere.

Eta begi-bistakoa da Osakidetzan ez dela horrelakorik egiten. Azken urteotako enplegu-prozesu publikoetan (EEPetan, alegia) gertatutako gorabeherek ondotxo erakusten digute esandakoa: ehundaka dira oraindik ere duela hiru urte baino gehiago egindako azterketak argitu eta konpondu zain dauden sanitarioak, azterketa horietan agian plazaren bat lortu zuten arren. Baina hala ere, Osakidetzak martxan jarritako deialdi berrira berriz aurkezteko ahalegin eta esfortzu izugarria egitera behartuta daude. Badaezpada ere, euren bizimoduak azterketei begira berrantolatu beharrean aurkitzen dira. Berriro ere orduak “lapurtu” behar dizkiote loaldiari, euren seme-alabekin parkean egoteari, beren lanaldia eta soldata murriztuko dituzte ikasi ahal izateko, euren zaletasunak eta hobbie-ak alde batera utziz, aukera horien guztien gainetik hautagai horietako askok lehenago ere egin eta seguruenik gaindituak zituzten azterketa batzuk lehenesteko.

Arestian aipatutako gorabeherak ondorengoak dira:

  1. 2018-2019ko EEPa 2018ko abenduaren 17ko Akordioari jarraiki abiatu zen (akordio hori ia hiru hilabete beranduago argitaratu zen EHAAn, 2019ko martxoaren 4an zehatzago esateko).   2020ko urtarrilaren 20an, ia urtebete beranduago, argitaratu zen 2019ko abenduaren 26ko akordio berria, 2019rako EEP bat deitzen zuena. Horrela, bada, bi deialdi batu eta elkartu ziren, baina 2018-19 urteetan deitutako EEPen Oinarri Orokorrak biltzen zituen 1473/2021 Ebazpena, azaroaren 25ekoa, ez zen 2021eko abenduaren 14 arte argitaratu EHAAn eta Oinarri Espezifikoak, berriz, 2022ko apirilaren hasieran argitaratu ziren (2022ko apirilaren 4, 5, 6 eta 12an, hain zuzen ere).

Alegia, 2018ko abenduaren 17an aurreneko Akordioa hartu zenetik EEP horren Oinarri Espezifikoak 2021eko apirilean argitaratu arte hiru urte baino gehiago pasatu ziren. Eta azterketak oraindik ere geroago egin ziren, 2022ko ekainean hasi eta 2023ko urtarrilean amaitu baitira. Horrela, beraz, prozesua abiatu zenetik espezialitate batzuetako azterketak egin diren arte lau urte pasatu dira. Eta, jakina, oraindik ere ez dakigu prozesua osorik noiz amaituko den.

Epe horiek ez dira onargarriak, inola ere. Konparazio baterako, Errioxan ere 2018-2019 EEP bat egin zuten, eta 2018koa abenduaren 27ko 44/2018 Dekretuaren bidez abiatu zen, eta  2019koa, berriz, abenduaren 27ko 134/2019 Dekretuaren bidez, prozesu biak modu bateratuan burutu zirelarik. Familiako EEPa hartuz gero, adibidez, 2020ko azaroaren 4ko Ebazpenarekin deitu ziren espezialitate horretako proba bereziak, azterketak 2021eko martxoaren 27an egin ziren eta 2021eko uztailaren 23ko Ebazpenaren bitartez esleitu ziren    2019. urteko Enplegu Publikoko Eskaintzari zegozkion Familia Medikuen fakultatibo plazak Lehen Mailako Arretako Taldeetan.

Laburbilduz, prozesu biak (Osakidetzakoa eta Errioxakoa) aldi berean hasi ziren, 2018ko abenduan, baina Osakidetzaren kasuan, Familia Medikuntzari dagokionez, hasi eta lau urtera oraindik ez dira plazak esleitu eta Errioxan, aldiz, plazak esleitu dira eta prozesua erabat amaitu da bi urte eta zazpi hilabeteren buruan (2021eko uztailean).

Eta hori guztia, une honetan judizializatuak eta bertan behera utziak dauden EEPak baloratzen hasi gabe.

  1. 2. 2020-2021-2022ko EGONKORTZEko EEP: Dagoeneko lau urtez luzatu den, eta oraindik konpondu ez eta noiz konponduko den inork ez dakien, prozesu batean parte hartu ondoren,   beste prozesu bat abiatzen da 2020ko abenduaren 18ko Akordioari jarraiki, Oinarri Orokorrak 2022ko abenduaren 19an argitaratzen dira eta Oinarri Espezifikoak, azkenik, 2022ko abenduaren 27an argitaratzen dira EHAAn.

Oraingo honetan prozesua bizkorragoa izan da, EEP bat deitzea erabakitzen denetik Oinarri Espezifikoak argitaratzen diren arte; izan ere 2021-02-02tik 2022-12-27ra urtebete eta hamar hilabete pasatu baitira, aurreko prozesuak hartu zituen hiru urte eta lau hilabeteak baino epe laburragoa. Baina epe hori behartua dago seguruenik, zeren eta enplegu publikoan denborazkotasuna murrizteko neurri urgenteak galdatzen dituen 20/2021 Legeak nahitaez ezartzen baitu EEP hori 2024ko abenduaren 31 baino lehen erabat ebatzi eta konpondu behar dela.

Medikuek, oro har, baina azken finean baita aurreko EEPan parte hartu zuten oposiziogile guztiek ere, izandako gorabehera guztiak kontuan hartuz, ez dakite oraindik plazaren bat lortuko duten ala ez. Gaurko egunez, badira oraindik ere 2020-21-22ko Egonkortzeko EEParen azterketara aurkeztu beharko diren ez dakiten pertsonak, aurreko EEPan plaza lortu baitzuten.

Horregatik guztiagatik, zera jakin nahiko genuke:

  • Ebatzi eta konponduko ote da 2018-2019ko EEPa 2020-21-22ko Egonkortzeko EEParen azterketak deitu aurretik?
  • Eta, edonola izanik ere, ebatziko ote da 2018-2019ko EEPa azkeneko EEParen aurretik?

Ez dauka inolako zentzurik. Ez dauka zentzurik EEP bat ebazten hainbeste denbora pasatzeak  eta ez dauka zentzurik ez jakiteak zer gertatuko den, zeintzuk izango diren prozesuaren epeak eta bide-orria. Zeren eta, ez da sinesgarria Osakidetzak ez jakitea, izan ere jakingo ez balu planifikazio ezin txarragoa erakutsiko bailuke, inondik inora.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargotik gure babesa azaldu nahi diegu ezjakintasun-linbo horretan aurkitzen diren mediku eta sanitario guztiei, bai gure profesionalenganako eta baita gure osasun-sistema publikoarenganako beste tratu txar bat gehiago suposatzen duen egoera horren aurrean gure haserrea adieraztearekin batera.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz