COMGI

COVID-19rako txertoen patenteak aldi baterako etetearen aldeko euskal adierazpenarekin bat egin dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkargoek

25/05/2021

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargoek bat egin dute gaur goizean COVID-19rako txertoen patenteak aldi baterako etetearen aldeko euskal adierazpenarekin. Testua Iñigo Urkullu lehendakariak irakurri du, Gotzone Sagardui eta Beatriz Artolazabal sailburuak ondoan zituela. 

Euskadiko Sendagileen Elkargoko Kontseiluko presidente den Manuel García Bengoecheak parte hartu du ekitaldian. Beste ordezkari askok ere babesa eman nahi izan diote testuari: David Noguera, Espainiako Mugarik Gabeko Medikuen presidentea, Esteban Beltrán, Amnistia Internazionaleko zuzendari nagusia, Beatriz Novales, Oxfam Intermon-eko Programa, Herritartasun eta Intzidentzia Saileko zuzendaria, Milagros López de Ocáriz, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidentea, Mª José García, Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidentea (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkargoen izenean) eta Ricardo Franco, Bilboko Mediku Zientzien Akademiako presidentea. 

Adierazpenean ageri den bezala, "babes horren oinarria zera da, beharrezkotzat jotzen dela mundu osoan lankidetzan aritzea txertoak kopuru nahikoan garatu eta fabrikatzea, eta mundu osoan garaiz eta modu inklusiboan banatzeko saihestu ditzaketen eragozpenak desagerrarazteko". 

Pandemiaren aurka egindako bidea luzea izan bada ere, Eusko Jaurlaritzak eta sinatu duten eragileek uste dute "ekintza gehiago behar direla, eta ekintza horietako bat txertoen fabrikazioa eta eskuragarritasuna modu urgentean eta esponentzialean gehitzea da, baita txertoen banaketa bidezkoa bermatzea ere, eta horrek ezagutza, datuak, baliabideak eta jabetza intelektuala modu zabalean partekatzea eskatzen du, batez ere diru-sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeekin". 

Adierazpen osoa:

COVID-19rako txertoen patenteak aldi baterako etetearen aldeko euskal adierazpena

Gure lurraldean –baita beste errealitate batzuetan ere– osasunaren aldeko apustua egitea euskal erakunde publikoen ardura eta zeregin iraunkorra izan da, baita gizartearena ere. Euskal herritarrek, gurean bizi diren atzerritarrek eta beste herrialde batzuetako herritarrek osasunerako sarbide orokorra izatea sustatzeko ekintza eta ekimenak garatzeko konpromisoan zehaztu da hori guztia.

Gaur egun, azkenaldiko historiako osasun publikoaren arloko larrialdi latzenetako baten aurrean gaude. 3,5 milioitik gora lagunek galdu dute jada bizia mundu osoan. Munduko ekonomiak bilioika dolar gal ditzake immunizazio-tasak ez badu mundu osoan bizkor gora egiten. Osasun-sistema nazional asko kolapsotik hurbil daude, ekonomia osoak menpean hartuta daude eta milioika lagunen bizibidea dago jokoan.

COVID-19ak erakutsi digu ezin dela pandemia gainditu munduko txoko guztietatik desagerrarazten ez dugun bitartean. Ildo horretan, COVAX-AMC deitutako COVID-19 Txertoetarako Sarbide Globaleko Funtsarentzako baliabide ekonomikoen zuzkidura batekin indartu da aurten Eusko Jaurlaritzaren konpromiso iraunkorra. Haatik, ekintza gehiago behar dira, eta ekintza horietako bat txertoen fabrikazioa eta eskuragarritasuna modu urgentean eta esponentzialean gehitzea da, baita txertoen banaketa bidezkoa bermatzea ere, eta horrek ezagutza, datuak, baliabideak eta jabetza intelektuala modu zabalean partekatzea eskatzen du, batez ere diru-sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeekin.

Zenbait herrialdek –hala nola Indiak eta Hego Afrikak– patenteen salbuespen bat eskatu zuten iazko urrian, COVID-19aren diagnostikoarekin eta tratamenduarekin lotutako txerto, botika eta produktu sanitarioen jabetza intelektuala eta haiei buruzko ezagutza ahalbidetuko zuena. Gaur egun, Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusiak eta 100dik gora estatu-gobernuk Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualeko Alderdiei buruzko Akordioetan bildutako betebehar jakin batzuen salbuespen aldi baterakoa eta puntuala babesten dute. Jabetza intelektualak sortutako oligopolioak saihestuko lirateke ekimen horrekin eta jarduteko askatasuna sustatuko litzateke, mundu osoan COVID-19rako txertoen prestutasuna, irisgarritasuna eta eskuragarritasuna gehituko duen lankidetza ahalbidetuz.

Osasunaren Mundu Erakundeak, Jabetza Intelektualaren Akordioei buruzko Kontseiluak eta G7ak beren agendetan gai hori barne hartuta duten testuinguru batean, ondoren sinatzen dutenak COVID-19ari lotutako txertoetarako eta beste erreminta mediko batzuetarako patenteen salbuespen aldi baterakoaren eta puntualaren alde daude, eta bide hori babesten dute. Babes horren oinarria zera da, beharrezkotzat jotzen dela mundu osoan lankidetzan aritzea txertoak kopuru nahikoan garatu eta fabrikatzea, eta mundu osoan garaiz eta modu inklusiboan banatzeko saihestu ditzaketen eragozpenak desagerrarazteko. Eta osasunaren aldeko apustuak ziurtatu egin behar duelako jabetza intelektualeko eskubideek ez diotela ezein herrialderi eskubide hori baliatzea eragotziko.

 

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz