COMGI

Osasun Sailburuarekin bilera egingo dute hiru elkargoek

22/01/2021

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoa, Bizkaia eta Arabakoekin batera, Osasun Sailburuarekin bilduko da datorren otsailaren 1n, sendagileen txertaketari buruz hitz egiteko.

Gaur egun Gipuzkoak du Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluaren presidentzia, Manuel Garcia Bengoechea buru, eta bilera eskatu dio sailburuari, elkargokideei informazioa helarazi ahal izateko. Izan ere, Osakidetzan diharduten sendagileen kasuan, Eusko Jaurlaritzak finkatutako lehentasunen arabera jasoko dute txertoa: lehenik COVID-19a zuzenean tratatzen duten sendagileen txertatzea egiten ari da eta ondoren beste espezialitate edota esparruetako sendagileak inmunizatuko dira. Badirudi prozesu hau otsaila amaiera arte luza daitekeela.

Eremu pribatuan ari diren sendagileek, aldiz, ez dakite noiz eta nola jasoko duten txertoa, beraz, bilera honek informazio hori zehaztea du helburu.

Zoritxarrez, txertoen hornitzea nahi baino motelago doala adierazi digute eta kezkatuta agertzen dira, baina osasun kolektibo guztien txertaketan lanean ari direla baieztatzen digute, txertoen hornitzeari lotuta badaude ere.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargotik ahal den guztian lagunduko dugula adierazi dugu, bai logistika aldetik bai komunikazio aldetik ere, garrantzitsuena sendagile guztiek euren txertoa jasotzea baita.

Elkargoa, gainera, sailburuarekin ez ezik, Gipuzkoako Osasun Publikoarekin ere harremanetan dago, baita Bizkaia eta Arabako Sendagileen Elkargoekin eta beste osasun elkargoekin ere, edozein informazio berri elkargokide guztiei helarazteko asmoz.

Garrantzitsua den informazio oro Elkargoko ohiko kanaletatik helaraziko dizuegu: webgunea, buletinak eta sare sozialak.  

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz