COMGI

ESKOLARA JOATEA: EZ DAGOKIO MEDIKUARI ESKOLARA EZ JOATEA JUSTIFIKATZEA.

11/09/2020

ESKOLARA JOATEA: EZ DAGOKIO MEDIKUARI ESKOLARA EZ JOATEA JUSTIFIKATZEA.

 

Ziurtagiri eta txosten medikoak luzatzeari dagokionez, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo honek eman izan du bere iritzia beste kasu batzuetan ere, baina kontuan hartuz gaur egun bizi dugun egoera honetan gerta daitekeela eskolara ez joateko txostenak eta ziurtagiriak medikuei eskatzea, adierazi beharra dago ez direla inola ere txosten eta ziurtagiri medikoak egin behar eskolara ez joatea justifikatzeko.

Gainera, ondorengoak argi utzi nahi ditugu:

  1. Medikuak paziente baten osasun-egoera ziurtatu ahal izango du, noski, baina ez dagokio inola ere eskolara joateko justifikanterik egitea.
  2. Gurasoei edo legezko tutoreei dagokie eskolara ez joatea justifikatzeko ardura.
  3. Paziente orok eskubidea dauka jasotako osasun-arretari buruzko edota   bere osasun-egoerari buruzko ziurtagiri mediko ofizial bat eskuratzeko, historia klinikoan bildutako xehetasunen babesean eta medikuaren irizpideari jarraituz betiere.
  4. Aurrekoaz gain, eskolako jarduera jakin bati buruzko txostenak edo ziurtagiriak luzatzeko eskubidea ere izango du medikuak.
  5. Ziurtagiri mediko faltsua egitea delitua izan daiteke Kode Penaleko 397 artikuluak jasotzen duen bezala, baita Kode Deontologiko Medikoaren 20. artikuluaren haustea.

2016ko “Osakidetzako txosten eta ziurtagiri medikoak lantzeko jarraibide eta gomendioen inguruko dokumentu korporatiboa” izeneko agiriko 7.12 puntuan irakur daitezkeen gomendioak argiak bezain erabatekoak dira:

"Adingabekoen eskolara ez joateen justifikanterik ez egitea gomendatzen da, izan ere era horretako agiriak umeen legezko tutoreek soilik baimendu edo justifikatu baititzakete. Umearen aita eta ama direnez guraso-ahala egikaritzen dutenak (19. erref.), beraiek izango dira era berean adingabekoak diren beren seme-alabek egin ditzaketen eklntza horien arduradun eta erantzule bakarrak, baita  zigor-arlokoak izan daitezkeenak ere. Osasun-profesionalak umeen eskolara ez joatea justifikatzeak gurasoen eskudantziei itzuri egitea suposatzen du eta ez dio aparteko informazio osagarririk eskaintzen eskolari nahiz irakasleei. Horregatik guztiagatik lan hori ez dagokio medikuari.

Medikuak zein kasutan luzatuko ditu justifikanteak? Patologia mediko edo kirurgiko jakin baten ondorioz adingabekoa eskola-giroan jarduera zehatz bat egiteko gai ez denean edota une horretan jarduera hori egitea umearentzat kaltegarria gertatzen denean.

Era berean eta arrazoi berberengatik, ez dagokio medikuari denbora-epe jakin batean etxean behaketa edo zainketa eskatzen duten prozesu arinen inguruan senda-agiriak egitea, senda-agiri horren jakinarazpena  gurasoei egiten baitzaie zuzenean, eta horiexek baitira ikastetxeari egokien irizten dioten informazioa helarazteko ardura daukatenak".

Azkenik, ziurtagiri medikoen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, ondorengo artikulua irakur dezakezu:

https://medikuenahotsa.com/articulo/198/sobre-los-certificados-e-informes-medicos

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz