COMGI

Ez jarri oztopo gehiago bide zail honetan

10/09/2020

Hilabeteak daramatzagu bai osasun-profesionalok eta baita herritarrek ere, orokorrean, krisi sanitario honen inguruan han-hemen zabaldu diren ideia erabat faltsuak direnak aho-zabalik entzuten. Izan ere, egungo epidemia errotik ukatzeaz gain, sanitarioek izurriteari aurre egiteko erabiltzen ditugun osasun-neurri guztiak eta horretarako baliatzen ditugun tresnak ere pikutara bidaltzen saiatzen baitira. Azken egunotan ideia horiek panfleto bidez sustatu eta zabaldu dira, gure lurraldeko hiritarren etxeetako postontzi eta autoetan jarriak izateko, “Euskadiko sanitarioak” bezala agertzen direnek sinatuak horietako zenbait.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargotik gure arbuio eta gaitzespenik sendoena adierazi nahi diegu era horretako informazioei, izan ere, herritarrak nahastu eta beren osasuna arriskuan jartzea beste helbururik gabe egindakoak baitira. Horrez gain, lankideekiko errespetu falta eta egunez egun osasun-zentroetan, larrialdi-zerbitzuetan eta ospitaleetan pandemia honen kontrako borrokan aurrera daramazuten lan eskergaren kontrako mespretxu erabatekoa erakusten dute jarrera horiek. Ondotxo dakigu presio handi baten pean diharduzuela lanean azken hilabeteotan, estres eta neke handiarekin, zalantzaz betetako testuinguruan zuen paziente guztiei erantzun egokiak eman nahian, bai zuen pazienteen segurtasunerako eta logika hutsez baita zuen segurtasunerako ere, zorrotz betetzen dituzuen segurtasun-neurri ugari kontuan hartu beharrean azkenik. Eta gaur egun eskura dauzkagun ezagutza eta baliabideak kontuan hartuta diharduzue gainera, ezagutza seguruenik mugatuak oraindik −birusa berria baita−, baina euren oinarrian ebidentzia zientifikoa duten ezagutzak betiere.

Mingarria da ikustea nola badiren ebidentzia hori ukatzen duten banako batzuk, baina are mingarriagoa oraindik arestian aipatutako taldeek egiten ari diren bezala ebidentzia hori euren mezuei atxikitzen dietela ikustea,    beraien baieztapenetan inolako oinarririk gabeko kontzeptuak zabaltzen dituztenean, sasi-erreferentzia ugarirekin mozorrotzen saiatzen diren arren. Horixe da euren taktika berria, eta gu erdi-erdian harrapatuak gaude.

Horrexegatik, arreta-dei hau egitearekin batera, Sendagileen Elkargoarekiko zuen lankidetza ere eskatu nahi genizueke, ebidentzia zientifikoan oinarritutako medikuntzaren alde, egiazko medikuntzaren, tranparik gabeko medikuntzaren alde.

Bizi duguna bezalako une zail honetan ezin onar dezakegu biztanleria arriskuan jar dezaketen ideia faltsuak, egiaren aurkakoak zabaltzea, pandemia latz honi amaiera emateko afanean buru-belarri lanean ari zareten osasun-profesionalen gehiengo handi horren eguneroko jardunean bidean oztopoak jarri besterik egiten ez duten ideiak hain zuzen ere.

Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak, bertako  Gobernu Batzordeak zehazkiago esateko, konpromiso sendoa hartu du kontzeptu faltsu edo okerrak gure lanbidetik kanpo dauden pertsonen ahotik, eta are larriagoa litzatekeena medikuen ahotik, zabaldu ez daitezen saiatzeko, eta kasu bakoitzaren balorazio indibidualizatua eta berezia egingo da, aurrera eraman beharreko jarduketak erabakitzeko.

Gure laguntza eta esker ona izango duzue une oro. 

MILA ESKER  eta  AURRERA. 

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko Gobernu Batzordea

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz