COMGI

Hainbat osasun-erakundek Lehen Mailako Arretako giza baliabideak eta baliabide materialak indartzeko eskatu diote Gobernu Zentralari eta Autonomikoari

21/05/2020

Gobernuari eta autonomia-erkidegoei zuzendutako gutun ireki batean, erakunde sinatzaileek pandemia globalaren testuinguruaren larritasuna aitortzen dute, eta agintariek langile sanitarioen eta ez-sanitarioen segurtasuna bermatzeko hartutako neurriak baloratzen dituzte. Hala ere, kezka agertu dute "deskonfinamendu egoera baten aurrean, osasun-langileak eta egoitzetako langileak babesteko atzerapenik gabe konpondu eta artatu behar diren alderdi batzuengatik".

Erakunde sinatzaileek gomendatzen dute "kutsatutako eta hildako langileen datu publiko banakatuak ematea, generoaren, lan-kategoriaren eta lana egiten duten zentro motaren arabera (ospitaleak, Lehen Mailako Arreta, etxeak eta egoitzak barne)".

Babes-ekipo gutxi daudenez, osasun-langileen arteko kutsatzeak ez dira murriztuko, bereziki, Lehen Mailako Arretako zentroetan eta egoitzetan. Hori dela eta, "deskonfinamenduarekin norbera babesteko ekipamenduen (NBE) banaketari arretaz jarraitzeko" eskatu dute. Horrela, "kutsatutako langileen ehunekoa murriztuko litzateke, bai eta horiek pazienteei nahiz familiartekoei gaixotasuna transmititzeko arriskua ere”.

Osasun Ministerioari eta Autonomia Erkidegoei "lehen mailako arretatik, osasun arloko langile guztientzat eta soziosanitarioentzat PCR eta serologietarako froga ziurtatzea" eta "ospitaleetan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta egoitzetan arreta emateko prest eta formatutako giza baliabideen kopurua indartzea" eskatu diete.

Gutun honen bidez, Lehen Mailako Arretari kudeaketa geriatrikoa eta etxez etxekoa egiteko behar diren baliabideak ematea eskatzen dute, egoitzetakoekin batera. "Egoitzetan lan egiten duten osasun-langileen kasuan, langile eskudunek zaintza duinak eman ahal izateko beharrezko baliabideak indartu behar dira".

Azkenik, erakunde guztiek diote badakitela COVID-19ren aurrean erantzun eraginkorra emateak zer zailtasun, erronka eta konpromiso dituen, eta, orain, inoiz baino gehiago, ziurtatu behar dela zaintzen gaituzten langileak behar bezain babestuta daudela pandemiari aurre egiteko.

 

Erakunde sinatzaileak: Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia, Erizaintza Komunitarioko Elkartea, Erizaintzako Kontseilu Nagusia, Erizaintza Komunitarioko eta Lehen Mailako Arretako Elkarteen Federazioa, Mugarik Gabeko Medikuak, Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoko Espainiako Elkartea, Lehen Mailako Arretako Medikuen Espainiako Elkartea, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Espainiako Elkartea eta Mediku Orokorren eta Familiako Espainiako Elkartea.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz