COMGI

Gipuzkoako Medikuen Elkargoa egoiliarren kontratuak luzatzearen aurka agertu da, eta haiek espezialista gisa kontrata ditzaten eskatzen du

03/04/2020

 

 

Medikuen Elkargoak erabat baztertu behar du prestakuntza amaitu duten mediku espezialistei mediku egoiliar gisa luzatzea euren kontratuak. Neurri hori martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren eta martxoaren 27ko SND/299/2020 Aginduaren bidez ezarri zen espezialitate jakin batzuetarako.

Gure ustez, behin prestakuntza amaituta, BAME horiek mediku espezialistak dira, eta halakotzat kontratatu behar dira. Hartutako neurriekin lortu nahi dena administrazio publikoek gorde eta bermatu behar duten etikaren eta zintzotasunaren aurkakoa izateaz gain, lege-iruzurtzat ere jo liteke.

Are mingarriagoa eta ulertezinagoa da neurri hori, gizarteko estamentu guztiek eta aipatutako aginduak ematen dituen administrazioak berak osasun-langileak egiten ari diren lana goraipatzen duten une honetan. Salagarria izango litzateke beste edozein egoeratan, baina jokabide hori, testuinguru honetan, mespretxu garbia da euren bizitzak arriskuan jarriz gaixoei laguntzea lehenesten ari diren profesionalei.

Ezin dugu onartu egoera honen salbuespena aitzakiatzat hartuta baliozkotzat joko ez genituzkeen neurriak hartzea. Ez dugu ulertzen eta ez dugu konpartitzen oraindik legezko izapide guztiak bete gabe dituzten mediku batzuk espezialista gisa eta, aldiz, formakuntza osoa duten medikuak prestakuntzan dauden mediku gisa edukitzea, nahiz eta, zalantzarik gabe, mediku espezialista gisa jardungo duten, beren jardunen erantzukizun osoa beren gain hartuz. Ez dugu beherapenik onartzen, ez kontratuetan, ez materialetan, are gutxiago egoera ez-ohizko honetan, itxuraz, kostuak aurrezteko asmo soilarekin gainera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendariak 2020ko martxoaren 15ean ETB2n egindako elkarrizketan, SND/232/2020 Aginduan ezarritako egoiliarren luzapenaz galdetuta, honako hau adierazi zuen: "Guk, praktikan, gure osasun-sisteman egin ohi dugu hori, eta une honetan dagoen beharrarekin, gainera […], gure plantilletatik hartu ohi ditugu behar diren langileak. Bistan da osasun langileak funtsezko lana egiten ari direla, eta haiekin kontatzen dugu egiten duten lan bikain hori ematen jarraitzeko".

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu hain lan bikaina egiten duten eta prestakuntza espezializatuko 4 eta 5 urte egin dituzten profesional horiek mediku espezialista gisa kontratatzea, orain arte egin izan den bezala, eztabaidaezina baita jada ez direla prestakuntza-prozesu batean egongo, baizik eta asistentzia-lan bat egingo dutela.

comgi.eus webgunean gure cookie propioak erabiltzen ditugu saioa hasteko eta besteenak bisiten analisia egiteko. Egin klik HEMEN informazio gehiagorako. Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" sakatuz edo horiei uko egin "baztertu" klikatuz